Biografia
Joserra Senperena Menú

Joserra Senperenak (Donostia, 1965) Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan osatu zituen pianoko goi mailako ikasketak, eta jazz eta musika modernoko ikasketak egin zituen Bartzelonako Taller de Musics-en eta Donostian. 1991n konposizio onenaren saria irabazi zuen Eivissan ospatutako Jazz Interprete Gazteen Jaialdi Nazionalean.

Azken urteotan konposizioari eskaini dio bere jarduera, batez ere. Hamabi disko argitaratu ditu, jazz eta blues estiloetan lehenak eta ganbera musikan azkenak. Horietako batzuk Joxe Ignazio Ansorena edo Rafael Berrio bezalako musikariekin partekatuak eta beste batzuk beste diziplina batzuetako artistekin: Harkaitz Cano, Patxi Zubizarreta, Jose Luis Zumeta, Dora Salazar edo Beñat Gaztelumendi.

Hainbat filmaren soinu-bandaren egilea da, Bizkarsoro (Josu Martínez, 2023) Apaiz kartzela (Ritxi Lizartza-David Pallarés-Oier Aranzabal, 2021), Lur eta Amets (Joseba Ponce-Imanol Zinkunegi, 2020), Egunak eta lanak (Fermin Etxegoien, 2019), Nur y el Templo del Dragón (Juanba Berasategi, 2017), Sipo Phantasma (Koldo Almandoz, 2016) eta La Ballena Real (Julio Medem, 2016), besteak beste. 2017an, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko Euskal Zinemaren Irizar Sariaren epaimahaikide izan zen, Miren Arzalluz eta Itxaro Bordarekin batera.

25 urtez musikari profesional gisa lan egin zuen, eta estatuko musikari eskatuenetako bat izatera iritsi zen. 100 disko baino gehiago grabatu ditu eta ia 2.000 emanalditan parte hartu du EH, Espainia, Frantzia, Erresuma Batua, Amerika eta Asian. Donostiako pop talde esanguratsuenekin kolaboratu du: 21 Japonesas, Duncan Dhu, La Buena Vida, Amateur eta Bide Ertzean tolosarrekin. Rafael Berrio ekoitzi du, Lau teilatu abestiaren bertsioa Amaia Monterok eta Mikel Erentxunek kantatu zutena, Gure Esku Dago, Free Otegi free them all eta Hatz puntetan kanta kolektiboak, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen 7 disko... Estatuan: Fito y Fitipaldis, Joaquín Sabina, Coque Malla, Quique González, Jarabe de Palo, Iván Ferreiro... Halaber, Kirmen Uribe, Elvira Sastre, Michel Gaztambide, Arantxa Urretabizkaia, Roger Wolfe... idazleekin aritu da errezitaldietan.